
HITZEZ BETE FUSILA
Ausarta izan zenuen luma
goiko pisuko bizilagun zaratatsuei errieta botatzeko.
Ausarta luma, isilduei ahotsa emateko.
Ausarta, ausarta behar zuelako izan.
Eta lumari balaz erantzun ziotenean,
bizkarran hartu zenuen hitzen fusila
tiroei tiroka erantzuteko.
Eta kritika tirokatu zenien
kuarteletan astiro matea hartzen zutenei,
hain zuzen ere,
besteek astiro hartzeko astirik ez zenutelako.
Eta elkartasuna tirokatu zenien barrote artekoei,
lagun eskua jaurti zenien Pedro guztiei,
eta tirokatu zenien irria, zotina besterik ez zutenei,
tirokatu zenien lurra, lur gabekoei,
ogia, ogi apurren jabei,
hamar urtez urrun izan zenituenei.
Eta balen indarrez
poesia tiroteatu zenien,
justizia ulertzen ez zutenei.
Balen indarrez,
parabola tiroteatu zenien,
goian egoteko beheraino joan zirenei.
Balen indarrez,
metafora tiroteatu zenien
luma zapaldu zizuten botei,
herria botapean edukitzeko,
herriak matea astiro hartzen zuen gizon bat jarrai zezan
tiro gehiegi jaurtita,
metafora ulertzen ez bazuten ere.
Eta balak amaitu eta fusila eskutik eroritakoan
hasi da guda berria,
zotinik ozenena jaurtitzeko lehia,
tximistaren trumoia heriotzaren malko:,
ohiko erantzun.
Baina,
ahalko bazenu hitzen fusila hartuko zenuke berriro
kuartelen moduan zotinak isiltzeko,
kolpeen moduan malkoak sikatzeko,
beti legez,
injustizia akabatzeko,
oraingoan ere herriak gizon bat jarrai ez zezan.
"Hombre preso que mira a su hija" (M. Benedetti):