martes, 12 de mayo de 2009

Entzun gaitzazuen

Gorbatadun makinen teklek

sortuak gara

zuen belarri estalientzat,

zuen begi estalientzat,

zabaldu daitezkenentzat.

Zuen orrietako

kale ilunetan bizi gara eta

jateko beldurra,

bizitzeko indarkeria,

edateko koktel molotoba

eskaini dizkigute

zuen uhin uhinegiek.

Eta hori, azken finean,

ziega beltza edo zuriaren artean

erabakitzen uztea bezalakoxea da,

erabakia ziegan hartzera behartu

gaituztelako zuen megafonoek.

Gure hitz iluna ez da ageri

zuen hiztegi garbietan;

eta ez dugu hainbeste behar.

Ez dugu hainbeste behar

barre egiten dakigula esateko,

eta gainera asko egiten dugula azaltzeko.

Ez dugu hainbeste behar

negar egiten dugula erakusteko,

edozein olerkirekin,

lotura bakarra dugun gutunekin,

utopiak ematen dizkigun ezezkoekin,

negar egiteko gai garela azaltzeko.

Ez dugu hainbeste behar

zuen ipuin bildumetako

Romeoak eta printzeen gisara

maitemintzeko gai garela frogatzeko,

hitz goxo eta goxoegiak ere

esaten ditugula aitortzeko.

Ez dugu hainbeste behar

irakurriz eta ikasiz

gozatzen dugula adierazteko,

gure pupitreetan bederatzi milimetro ere

sartzen ez direla erakusteko,

zuenen moduan,

Platon, Froid eta Einsteinek

betetzen dituztelako.

Ez dugu hainbeste behar

gure ametsa zuen amets gaiztoa

ez duela zertan izan behar azaltzeko.

Ez dugu hainbeste behar,

entzun gaitzazuen besterik ez dugu behar.

No hay comentarios: