martes, 12 de mayo de 2009

Makurtu ginenekoa

Lau pareten artean,

zazpi ginela ahaztarazi nahi izan zigun

anai-arrebarik gabeko pupitre jeloskorrak,

kalkulu-akats baten atzean

akats kalkulatua babestu nahian.

Sinesmenak ezkutatutako hura sinistu ez zuenez,

ezkuta genezan,

inoiz baino ozenago aritu zen

hitzik gabeko megafono mutua,

gure hitzak ere,

lau pareten artean,

hitzak izateari uko egin ziezaioten,

mutu izan zitezen,

non eta hitzaren erresuma behar zuen horretan.

Inurriari

inurri-lana inurriarentzat ez eta txirritarentzat

izango zela esan ziotenekoa

esan ziguten guri ere,

anairik gabe

hitzik gabe

egin genezakena

txirritak ulertuko zuelakoan, akaso.

Eta txirrita handikien ametsei men eginez,

bizia makurtua eman zuen,

lau pareten artean,

zer eta zenbat ginen ahaztuta,

hitz mutuko hizlarioi ere

makurtzea besterik geratuko ez zitzaigulakoan.

Eta makurtu ginen, bai.

Airean izan ginen arte

ez zitzaion burutik pasa

indarrez salto egiteko

makurtzea ere badagoela.

No hay comentarios: